Etxeko eta zaintzako langileen Munduko eguna

Gaur Etxeko eta Zainzako Langileen Munduko Eguna da. Hori horrela izanik, Caritas Bizkaiak sektore horrek bizi duen lan-prekarietatea eta eskubide-urraketak salatu nahi ditu.

Koronabirusak eragindako krisi soziosanitarioa agerian uzten ari da prekarietatea, eta, gainera, egoerak are larriago bihurtu du sektore feminizatu horren babesgabetasuna.

Orain arte ere esan izan dugu; bazterkeria ez da neutroa, eta aipatutako lan-kolektiboa da prekarioetako bat. Ez zaio garrantzirik ematen, eta, beraz, ezta arretarik ere. Egoera horrek hausnarketa bat behar du, eta, horretaz gain, funtzio horrek daukan balioa eta ematen zaizkion bizi- eta lan-baldintzak zeintzuk diren hobeto ezagutu behar dugu.

Historia apur bat

2011.urtean, etxeko zerbitzuaren laneko araudi berri bat onartu zen, 25 urtez batere aldaketarik gabe egon ostean. Berriztatu arren, ez da nahikoa. Sektore horretako langileek langabeziaren prestazioa jasotzeko aukerarik gabe jarraitzen dute. Aspektu hori aldarrikatzen jarraitu beharra dago, beste batzuekin batera; hala nola, kaleratze librearen egoeran gertatzen den babesgabetasuna, “barneko langilearen” figura mantentzea, edota istripu profesional edo gaixotasunen aurkako babes falta, beste batzuen artean.

Bizi dugun pandemia egoerak argi erakutsi digu krisia ez dela soilik osasun arlokoa; soziala ere badela. Caritas Bizkaiak etxeko langileen sektorearen inguruko esperientzia dauka. Modu profesionalen ziurtatutako prestakuntza eskaini dugu eta familia enplegatzaileekin harremanetan egon gara gure lan-agentziaren bidez. Horrela izanik, gaur egungo egoerak etxeko langileengan dituen ondorio larrien testigu izaten ari gara; izan ere, berez prekarioak ziren baldintzek okerrera egin dute.

Hemen Artikulu osoa [esteka].